Aplikazio habiaratuak
Berriak
‘Hernanin bada...’ sorkuntza lana aurkeztuko du Erika Elizarik 2025·06·04
‘Hernanin bada...’ sorkuntza lana aurkeztuko du Erika Elizarik
‘Hernanin bada...’ sorkuntza lana aurkeztuko du Erika Elizarik
Ekaineko kultur jarduerak 2025·05·20
Ekainean egingo diren hainbat kultur jarduera.
Sanjoanak, geroz eta irisgarriago eta guztiontzat gozagarriago izango diren 69 ekimenekin
Sanjoanak badatoz. Udalak eta Jai Batzordeak elkarrekin aurkeztu dute aurtengorako prestatutako programa.
Aitor Huizi Kultura zinegotziak Jai Batzordeak “aurten ere” egin duen lana goraipatu du, sanjoanetan herritarrok gozatzeko egitaraua antolatzeko.
Jaiak guztientzat irisgarriagoak izateko pixkanaka ematen ari diren urratsak aipatu ditu Huizik. Horren adibide, aurten, sanjoanetako hasieran gune erreserbatua egongo da gurpildun aulkian dauden herritarrentzat; txosna gunean komun egokitu bat jarriko da eta sanjoanetako programa braillez ere badago. Spomia eta argiari sentsibilitate handia dioten haurrengan pentsatuz, hiru egunez, bi orduz ez da musikarik eta argirik izango barraketan. Ekainaren 22an, 25ean eta 27an, 17:00etatik 19:00etara musikarik eta argirik gabeko tarteak izango dira, haur horiek ere gozatzeko aukera izan dezaten.
Kantaita eta Kronika, 25. urteurrenean omenduak
Aurten, txupinazoa bi eragileren artean botako dute, Jai Batzordeak hala erabakita: Kantaitako emakumeek eta Kronika egunkariak, biek 25 urte ospatuko baitituzte.
Kantaitako emakumeen izenean, Pepi Arrospidek hartu zuen hitza. Gogora ekarri zuen 2001ean nola hasi ziren kantaita ospatzen, Errenteriako Iraultza dantza taldeko Ramon Garciak animatuta. “Badira inoiz galdu behar ez genituzkeen baloreak. Horietako bat kantategia da. Galzorian zegoen Kantaita berreskuratu genuen herrietako bat izan da Hernani”. San Joan konpartsaren babesarekin hasi zuen bidea Kantaitak. Lehenengo aldi hartan, 24 emakume atera ziren plazara. Gaur egun, haietako lauk oraindik jarraitzen dute parte hartzen. Zenbait kuriositate ere kontatu zituen Arrospidek, hala nola, “Bergarara joan ginen oihalak erostera eta Errenterian josi zizkiguten arropak”.
Kronikaren lehenengo zenbakia atera zela 25 urte beteko dira, zehazki, ekainaren 23an, sanjoanak hasiko diren egunean bertan, Dobera Euskara Elkartearen gerizpean. “Kronika sanjoanak hasten diren egunean jaio zela kontuan hartuta, ilusio handia egiten digu txupinazoa botatzeko aukera izateak”, dio Iñigo Goñi Iradi kazetariak. Kronikaren hasierak gogora ekarri ditu: “Euskararen eta herri kohesioaren alde hasi ziren lanean duela 25 urte, Hernaniko eta Ereñotzuko albisteak biltzen Unai eta Eñaut Agirre, Aritz Zerain eta Jexux Mari Irazu”.
“Urteak pasa ahala garapena eta hazkundea izan du Kronikak eta hernaniarren egunerokoaren parte garela uste dugu. Sanjoanak ere modu berezian bizitzen ditugu: lan askorekin baina gogotsu. Ia ekitaldi guztiak bizitzen ditugu barrutik. Gaur egun taldea lau kazetarik, bi administrarik, bi publizistek eta inprimatzaile batek osatzen dugu, hasierako izaera mantenduz”.
69 ekintza biltzen dituen egitarau oparoa
Sanjoanetako Jai Batzordeak 69 ekintza biltzen dituen egitaraua osatu du. 185.873,66 €ko aurrekontua dute herriko festek.
Huizi Kultura zinegotziak bereziki azpimarratu du sanjoanetan egongo den musika eskaintza. “Zea Mays, Mirua, Skabidean, DJ Osto, Los Tenampas... Adin guztientzako eta estilo askotariko musika eta kontzertuak izango ditugu”. Gaztetxoengan jarri zuen atzo fokua Huizik. “Batzuetan ez da erraza adin-tarte horretarako eskaintzarekin asmatzea. Inauterietan arrakasta handia izaten duenez, DJ saioa antolatu dugu festetan”.
Era berean, aurten festen aurreko Azeri Bila herri lasterketa berreskuratu dela gogora ekarri du Huizik (ekainaren 21ean izango da).
Sanjoanak iragartzeko kartela Sara Etxeberria Zapirainena da. Aitor Huizik aurten bozketa herrikoiak izan duen “arrakasta” aipatu du: “Inoizko parte-hartze handiena izan da, 1.152 bozka jaso dira”.
Suziriak, kopuru jakina eta programan markatuak
Iaz, sanjoanetan botatzen diren suzirien inguruko hausnarketa egin zuen Udalak eta programan markatu ziren suziriak botako ziren ekitaldiak.
Aurten, urrats bat haratago eman eta suziriak botatzen diren ekitaldiak birplanteatu eta bakoitzean botako den suziri-kopurua zehaztu da. Iaz bezala, ekitaldi horiek programan markatuko dira.
Hauetan botako dira suziriak: jaien hasieran, akelarrean eta sanjoan suan (ekainak 23); dianan eta zezen-suzkoan (ekainak 24); sokamuturran, azeri-dantzan, erraldoi eta buruhandien konpartsan, eta koadrilen brindisean (ekainak 25); sokamuturran, azeri dantzan, entzierro txikian eta, erraldoi eta buruhandien konpartsan (ekainak 26) eta azeri-dantza, entzierro txikian, San Joan Konpartsaren irteetan eta bandera jaitsieran (ekainak 27).
Datozen egunetan, programa Hernaniko etxeetara helduko da.