Berriak

Atzealdea Udazkena eta negua kultur ekintzez beteta iritsiko dira Hernanira

Hernani Zinekluba martxan jarriko da

2023·10·03


Udazkeneko eta neguko kultur programazioa aurkeztu dute gaur Aitor Huizi Kultura zinegotziak, Nagore Irastortza Kultura teknikariak, Ainara Aiestaran liburuzainak eta, Gaizka Izagirre eta Andres Daniel Sainz zinemazaleek.

Oraingoan ere programazio zabala izango da, adin-tarte guztientzako eskaintzarekin eta disziplina artistiko ezberdinei tokia egingo diena. “Programazio orekatua sortzea bilatu dugu”, azaldu du Huizik.

Nobedadea, Hernani Zinekluba

Programazioko berrikuntza nabarmenena Hernani Zinekluba martxan jarriko dela da. Gaizka Izagirrek eta Andres Daniel Sainzek sortu dute egitasmoa. “Xedea hernaniarron artean zinemarekiko pasioa hedatzea da, kalitatezko filmak eskainiz”.

Hiru saiorekin hasiko du ibilbidea Hernaniko zineklubak, hilean behin elkartuz: Aftersun, Gelditasuna ekaitzean eta Paterson izango dira emango diren hasierako hiru filmak. Emanaldiak jatorrizko bertsioan izango dira eta bakoitzaren bukaeran, solasaldia izango da. “Kalitatea eta interesa izango dira ardatz nagusia; eta gutxienez erdiak euskaraz edo euskaraz azpidatziak eta gutxienez erdiak emakumeen zuzendutako filmak” izango direla aurreratu du Izagirrek.

Hernaniko Antzerki zikloa, azaroa bukaeran

Antzerkiak ere presentzia nabarmena izango du udazken-negu honetan. Izan ere, Hernaniko Antzerki Zikloa azaroaren 28, 29 eta abenduaren 1ean izango da aurten (azaroaren 30ean ez da programazioarik egongo, greba feminista deialdia dagoelako). Euskarazko bi lan (Toto eta Kanpora sartzen) eta gaztelerazko bat (Yerma) ikusteko aukera izango da.

Baina ez da hori izango Hernaniko antzerkizaleentzako aukera bakarra. Izan ere, aurretik Ion Martinez Esnaola Txiki-ren bakarrizketa izango da eta haurrek ere izango dute zertaz gozatu.

Hernanikomik, bigarrenez

Liburutegiko eskaintzaren berri ere eman dute gaurko aurkezpenean. Liburu solasaldiak, ipuin-kontaketak eta emakumeen euskal literatura mintegia izango dira.

Honez gain, Hernanikomik-en bigarren edizioa izango dugu azaroaren 17an eta 18an. Atsegindegin komikiaren azoka izango da eta Juan Luis Landa komikigileak jasoko du aurtengo Joseph Camino saria (egitarau zehatza aurrerago aurkeztuko da).

Gabonetako programazioa indartzeko ahalegina

Bestalde, musikak, dantzak eta erakusketak ere izango dira datozen hilabeteetan gurean.

Aurten ahalegin berezia egin da Gabon garaiko programazioa indartzeko. Horretarako, haurrentzako bi antzerki, helduentzako Baginaren bakarrizketak umorezko emanaldia eta Willis Drummond taldearen disko berriaren aurkezpena antolatu ditu Udaleko Kultura sailak.

Hernaniarrek informazio osoa izan dezaten, Udazken-neguko kultur programazioa biltzen duen liburuxka etxe guztietara helduko da egun hauetan eta Udalaren zein Hernani Kulturaren webguneetan ere egongo da eskuragarri.

Urriko ekintzetarako sarrerak dagoeneko salgai daude kultura.hernani.eus-en.

Egitaraua