Berriak
Atzealdea San Joan jaiak 2023
2023·06·09
Koro Etxeberria kultura zinegotziak iragarri zuen udako solstizioaren ospakizuna Chillida Leku Museoan izango dela ekainaren 21ean. Bertan, Oreka TX taldeak landutako Elkarrizketak ikuskizun ibiltariaz gozatzeko aukera izango da. Ikuskizun honek dantza eta musika elkartuko ditu eta Euskal Herriko artista ugari bildu, besteak beste, Xabier Zeberio, Amaia Elizaran edo Gorka Hermosa.
Sarrerak salgai daude Biteriko leihatilan 10 eurotan hernaniarrentzat. Bestalde, bertara joateko autobusa jarri du udalak, dohainik. Arratsaldeko 19:15ean irtengo da Atsegindegiko autobus geltokitik eta emanaldia bukatzean itzultzeko aukera ere izango da. Izena eman behar da Biterin.
Konpartsak hasiera festei
Aurtengo jaien hasiera eta bukaera Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren eskutik izango da, izan ere, 25 betetzen ditu konpartsak, eta 75 urte betetzen dira erraldoiak Hernanin lehen aldiz irten zirenetik.
Programazioan musika eta kaleko ikuskizunak ere izango dira nagusi. Aurtengo kontzertu nagusia ekainaren 26an izango da eta Gatibu taldea izango dugu; 24an, berriz, Brigade Loco eta Bad Sound taldeak arituko dira. Gaztetxoentzat eskaintza paregabea prestatu du Gaztelekuak, Su Festa! Ospakizunaren barruan. Gorane rap abeslaria eta LaMia Mari arituko dira Ezkiagako kioskoan, biak hernaniarrak.
Horiekin batera, Puro Relajo, La Jodedera, Iratzar eta Laiotz erromeriak, txarangak, musika elektronikoa, bertsolariak, elektrotxarangak... izango dira.
Animalien eskubideak babesteko legearen aplikazioa dela eta, aurten ez dago baimenduta zezen txikiak egitea eta, beraz, programaziotik kanpo geratu dira. Horien ordez haur eta gaztetxoentzako ikuskizunak izango dira: Txorotxaranga, Oh, pera! zirkua, Otempodiz dantza urbano emanaldia, Akelarre txikia, Jacuzzi ikuskizun familiarra, Adabaki klown, eta amaitzeko, Deabru Beltzak taldearen piroteknia.