Berriak
Atzealdea Negu-udaberriko programazioa aurkeztu da
2022·01·12
Koro Etxeberria Kultura zinegotziak azaldu ditu urtarriletik maiatzera bitartean Hernaniko Kultura Sailak programatu dituen ekintzen berritasunak.
“Berritasun batzuk aipatzearren, literaturan, ahozkotasunaren inguruko ekimen berri bat; zineari dagokionez, hilean behin, ohiko zirkuitu komertzialetik kanpo, Euskal Herrian ekoitzitako film edo pelikula bat proiektatuko da; dantza mundua zabaldu asmoz dantza familian egitasmoari lekua egin nahi izan diogu. Aipamen berezia merezi du Geuretik Sortuak Udalbiltzaren egitasmoak, programa honi esker, Euskal Herri osoan hogeitaka sortzailek egin dituzten egonaldien emaitza Hernanin ikusteko parada izango dugula”, nabarmendu du Etxeberriak.
Geuretik Sortuak egitasmoa zergatik eta zertarako sortu den azaldu du Etxeberriak. “Euskal Herriaren kontakizuna artea eta kultura bidez egitea da Geuretik Sortuak proiektuaren asmoa. Euskal arteak lengoaia asko izan ditzake, baina hizkuntza bakarra du, geurea: euskara. Azken urteotan faktore desberdinengatik atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean eta egoera horri erantzuteko asmoz sortu da Geuretik Sortuak proiektua: euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu edo sare nazionala sortuz eta euskal sortzaileei aukera berriak eman eta babesteko”.
Hernaniko Udalak Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu du Euskal Herriko beste 26 herrirekin batera. Herri hauetan literatura, antzerkia edo film laburren inguruko sormen lanak egin dira. “Hernanin, Arnasa izenburua duen filmearen ekoizpena eta sormena egokitu zaigu. Sormen lan guzti hauek ikusteko aukera izango dugu datozen hilabeteetan. Literatur lan guztiak liburu batean jaso dira eta honen aurkezpena egingo da, 5 film laburrekin osatu den luzemetraia proiektatuko da eta 5 antzezlan ikusteko aukera izango dugu”, jakinarazi du Kultura zinegotziak.
Pandemiaren ondorioz, egun Biteri aretoko aforoa %60koa dela gogorarazi du Etxeberriak.
Nagore Irastortza Kultura teknikariak eman du kultur programazioak ekarriko dizkigun ekitaldi guztien berri. “Geuretik Sortuak egitasmoa eta horren baitako emanaldiak azapimarratuko nituzke, baita dantza indartzeko egitasmoak ere. Horrekin lotuta, dantza saio irekia eta dantza familian jarduerak gehitu ditugu gure eskaintzan”, esan du Irastortzak.
“Programazioa indartsua da, musika gehiago sartu dugu, puntako musikariak zein bertakoak, esaterako, Xabi Solano eta Maite Larburu. Zinema eskaintza ere indartu dugu, hilean behineko saioekin, gai desberdinak eta interesgarriak jorratuz...”, erantsi du.
Ahoz aho nazioarteko jaialdian parte hartuko du Hernanik
Literatura ataleko egitarauaren berri Rakel Gonzalez Liburutegiko arduradunak eman du.
“Literatura solasaldiak egiten jarraituko dugu. Nabarmentzeko da Itxaro Borda etorriko zaigula gonbidatu gisa. Maiatzeko solasaldian Euri zitalari esker liburua mintzagai izango dugu eta egileak berak parte hartuko du saio horretan”, adierazi du Gonzalezek.
Bestalde, ahozkotasunaren inguruko nazioarteko jaialdi batean parte hartuko du Hernanik lehen aldiz. Ahoz aho Intujai teatroak antolatzen du eta aurten XV. edizioa egingo da. Tolosan jaio zen, baina pixkanaka-pixkanaka beste herrietara zabaltzen joan da. “Martxoan lau saio egingo ditugu. Horietako bat helduentzat izango da (herritarren eskaerari erantzunez) eta besteak familia osoarentzat izango dira”, argitu du Gonzalezek.
Lekuei dagokienez, Biterin, Libguneetan eta beste tokiren batean gauzatzeko asmoa dago. Jaialdi honetan parte hartzearen arrazoia da, besteak beste, “duela urte batzuk kulturartekotasuna sustatzeko egiten genituen kontaketa saioak berreskuratzea”, ohartarazi du Liburutegiko arduradunak.