Berriak
Atzealdea Hitzaren inguruan jirabiran dabilen Hitz Andana jaialdiaren 4. edizioa indarrez beteta datorkigu
2021·09·17
Hitz Andana Liburutegiak antolatzen duen jaialdia da eta 4. edizioa beteko du aurten. “Bere lekua egina du Hernaniko urteroko kultura programazioan eta hitzak berak duen garrantzia bezala ekimen honek ere garrantzia gero eta handiagoa du”, esan du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.
“Hitza da jaialdi honen muina eta bizkar hezurra, hitz landua, hitz bat bestearekin josita, narrazioan, poesian, bertsoan,… forma eta modu ezberdinetan, hitza beste hainbat lengoai artistikoen soinekoekin jantzita dator, dantza, musika, antzerkia… elkar osatuz eta aberastuz”, gehitu du Etxeberriak.
Aurtengo edizioa irailaren 29tik urriaren 2ra izango da. “Programa anitza eta kalitate handikoa da. Hernaniarrak ere baditugu tarteko eta seguru nago herritar gehienen gustukoa izango dela”, adierazi du Kultura zinegotziak.
Aurtengo edizioak bi berritasun dakartza:
1) Chillida Lekun egingo den emanaldia. Udalak eta museoaren artean sinatutako hitzarmenari esker bertan saio bat eskaintzeko aukera izango da. “Leku ezin aproposagoa da proposatzen den emanaldirako, ezin baita ukatu museoak duen magia berezia”, iritzi dio Koro Etxeberriak.
2) Lehen aldiz Hernaniko I. Liburu Azoka antolatu da. Dobera euskara taldarekin elkarlanean, Atsegindegin izango da.
Rakel Gonzalezek eman du Hitz Andanaren jaialdiaren ikuskizunen berri. “Hitzaren inguruko jaialdi honetan, hitza ikuskizun bihurtzen dugu. Horrek aukera ematen digu istorioak edota literaturaz disfrutatzeko oso era ezberdin eta berezietan”, esan du Udal Liburutegiko arduradunak.
Ez da kasualitatea bertso saio musikatu batek abiatuko du aurtengo Hitz Andana. Emakumeak izango dira protagonista. Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Ane Labaka bertsolariak Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikarien doinuan arituko dira bertsotan.
Egitarauarekin jarraitzeko bi egunetan segidan poesia izango da protagonista, nahiz eta estiloak eta transmititzeko erak guztiz ezberdinak izan. Esaten dugun argia poesia irakurraldi musikatua, esaterako, irailaren 30ean izango da. Loraldian egin zen emanaldi hau berrikuntza batekin dator Hernanira. Joxan Goikoetxeak eta Iosune Marínek musikatuko dituzte Karlos Linazasororen azken liburuaren poema batzuk.
Poesia eta dantza uztartuko dute Hnuy illa ikuskizunean. Kukai dantza taldearen eskutik Joseba Sarrionandiaren poesia dastatzeko aukera izango dugu”, adierazi du Gonzalezek. Udal Liburutegiko arduradunak gogorarazi duenez, Max saria jaso zuten 2009an Errenteriako konpainiak ikuskizun honengatik.
Hitz Andanaren azken emanaldia Sorginak eta sorginkeriak izango da. Bertan Toti Martinez de Lezeak bere testuak irakurriko ditu musikaz lagunduta. Urriaren 2an izango da, Chillida Lekun, “eguraldiak laguntzen badu. Bestela, beste data bat jarriko da”, esan du Gonzalezek.
Emanaldiez gain, Liburu Azoka ere antolatuko du Dobera elkarteak. Urriaren 2an, goizez eta arratsaldez, 15 postu egongo dira liburuekin. Horretaz gain, liburu aurkezpenak, irakurraldiak eta ipuin kontaketak ere egongo dira.