Berriak

Atzealdea 70 kultur ekitaldi programatu ditu Udalak ekaina arte

Urtarrila-ekaina

2024·01·12


Hernaniko Udaleko Kultura sailak prest du ekaina arteko kultur programazioa. Aitor Huizi Kultura zinegotziak, Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak eta Ainara Aiestaran liburuzainak aurkeztu dute datozen hilabeteetan Hernanin izango den kultur-eskaintza. Adin guztietako herritarrentzako eskaintza prestatu du oraingoan ere Kultura sailak eta disziplina artistiko ezberdinei egin die tokia: musika, antzerkia, dantza, literatura, zinema eta arte plastikoez gozatzeko aukera izango da. Guztira, 70 ekitaldi izango dira.

Egun hauetan, Hernaniko etxeetan programazioa jasotzen hasi dira herritarrak. Urtarrileko ekintzetarako sarreren salmenta dagoeneko martxan dago. Gainontzeko hilabeteetako sarrerak, hilabete bakoitzaren hasieran jarriko dira salgai (on-line eta Biteri kultur etxean).

Korrika Kulturalak, bi ekimen Hernanin

Korrikaren urtea izanik, Korrika Kulturalaren baitan bi ekimen izango dira Hernanin: eMcUMEAK bakarrizketa (otsailak 29) eta Badon opera garaikidea (martxoak 7).

Era berean, musikari ezagunak entzuteko aukera izango da hurrengo hilabeteetan gurean: Mikel Urdangarin (sarrerak agortu dira) eta Kerobia; Olatz Zugasti hernaniarrak bere azken lana aurkeztuko du sorterrian eta Amoranteren kontzertu berezia ere izango da, Chillida Lekun.

Antzerkiak ere presentzia izango du datozen hilabeteetan. Besteak beste, helduentzako bost lan -tartean, Udalbiltzaren Geuretik Sortuaken sortu den Esnearen kolorekoa- eta etxeko txikienekin gozatzeko beste bost izango dira. Tartean, Marie de Jonghen azken lana, Bo jauna.

‘Ahoz aho’, ahozkotasunaren jaialdia

Ahoz aho, ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia izango da berriz, Hernaniko Udal Liburutegiak antolatuta. Euskal Herriko, Galiziako, Kubako eta Letoniako ipuin-kontalariak entzuteko aukera izango da.

Irakurketa taldeen saioak eta ipuin-kontaketak ere izango dira, ohikoa denez, datozen hilabeteetan. Honez gain, Jon Artano kazetariak Juana liburua aurkeztuko du urtarrilaren 30ean.

Zinemari dagokionez, Hernani Zineklubaren eskutik, estreinatzear den Bizkarsoro euskal filma ikusteko aukera izango da (urtarrilak 17), Josu Martinez zuzendaria bertan dela.

Inauteriak, Santa Ageda edota sanjoanak bezalako data esanguratsuak ere izango dira datozen hilabeteetan. Data horietan, Hernaniko Musika Bandak edota Hernaniko Txistularien kontzertuak eta emanaldiak izango dira.

Egitaraua