Berriak

Atzealdea 2019ko Arte Sorkuntza Bekaren irabazleen lanak aurkeztuko dira azaroan

Nagore Legarreta argazkilariak eta Zehar Kable Sormen taldeak eskuratu zuten 2019ko Arte Sorkuntza Beka, eta urtebetez lana garatu ondoren, iritsi da jendaurrean erakusteko unea.

2021·10·29


"Ibaia ez da toki bat. Urumea" proiektua aurkeztuko du Legarretak. Proiektu honen oinarria argazkilaritza da, Urumea ibaia eta ibaiaren inguruko jendea protagonista dituela. Prozesu parte-hartzailea izan da, eta hernaniarrek aukera izan dute ibaiaren gaineko argazkiak egin, errebelatu eta beren iritziak emateko ere. "Oso prozesu aberasgarria" izan dela nabarmendu du Legarretak eta dokumentala ikusteko interes handia dagoela. Bira Produkzioak taldearekin elkarlanean osatu du ikus-entzunezkoa.

Aurkezpena: azaroak 3, 19:00etan, Biteri kultur etxean. Gonbidapenak bertan eskuratu daitezke.

Bigarren beka Zehar Kablea Sormen Taldeak eskuratu zuen, "Belarri bero, bai esan?" proiektuarekin. Sei kapituluko web saila egin dute Uxue Bereziartuak, Aitor Altunak eta Uxue Amonarriz gazteek, eta prozesu luzea eta neketsua izan arren, "bekak proiektua aurrera eramateko bultzada" eman diela nabarmendu dute. Martin Ugalde parkean grabatu dituzte kapituluak eta hainbat aktorek parte hartu dute.

Web sailaren bi emanaldi eskainiko dituzte Biterin, eta hortik aurrera, Interneten eskuragarri jarriko dute.

Aurkezpena: azaroak 6 eta 13, 12:00etan, Biteri kultur etxean. Gonbidapenak zeharkablea@gmail.com.