Berriak
Atzealdea Euskal jaiak
2025·09·08

Euskal Jaiak izango dira hilaren 13tik 21era. Udalak eta herriko eragileek elkarlanean antolatu duten lau eguneko egitarauaz gozatzeko aukera izango dugu aurten, adin guztietako herritarrek gozatzeko moduko 23 ekitaldiren.
Baserri giroak eta euskal tradizioarekin lotutako kultur-erakustaldiek hartuko dute gure herriko erdigunea.
Hilaren 13an eta 19an zenbait ekitaldi izango dira, dantza, musika eta kirolarekin lotuak. Hilaren 20 eta 21erako girotze ariketa modukoak izango dira egun horiek.
Larunbatari ginga jartzeko, Errobiren kontzertua
Izan ere, ekitaldi nagusiak hilaren 20 eta 21ean, larunbat eta igandez, izango dira. Larunbatean, besteak beste, abeltzain azoka, baserriarekin lotutako ofizio zaharrak, herri-kirolak edota erraldoien kalejira eta topaketa izango dira herritarren gozamenerako.
Errobi musika talde lapurtarraren kontzertuak jarriko dio ginga egunari. Anje Duhalde eta Mixel Ducau musikari ezagunak zuzenean entzuteko aukera izango da Hernanin, dohainik.
Aitor Huizi Kultura zinegotziak egun horretan “euskal jantziekin jantzita kalera ateratzera” gonbidatu ditu hernaniarrak.
Dantza eta umorea, Tio Teronen Semeekin
Igandea, aldiz, sagarra eta sagardoari eskainitako eguna izango da. Sagardo-dastaketa izango da goizeko ekitaldi nagusietako bat, trikitixa jaialdiarekin batera.
Arratsaldean, Tio Teronen Semeak dantza taldearen ikuskizunik berriena ikusteko aukera izango da: Haurreskolari. Dantza-talde honek euskal dantza tradizionalak abiapuntu hartuta, umorezko saioak egiten ditu.
Herriko eragileen ezinbesteko elkarlana
Udalak eta herriko eragileen arteko elkarlanarekin bakarra da posible Euskal Jaia. Udalak elkarte horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkie Euskal Jaiak elkarrekin antolatzen egindako lanarengatik: Antzinako Jolasak taldea; HENASE; Goiz Eguzki abesbatza; Hernani Musika Eskola; Hernaniko bertso eskola; Hernaniko Herri Musika Elkartea; Hernaniko Musika Banda; Hernaniko sagardogileak; Herburu erraldoi eta buruhandi konpartsa; Herrilur kontsumo taldea; Kantuz abesbatza; Kaxko auzo elkartea; Ozenki abesbatza; Pilota eta Pala Kirol elkartea; San Joan konpartsa eta Santa Barbara elkartea.
Egitarau osoa eskuratu nahi duenak, datorren astetik aurrera toki hauetan jaso ahal izango du: Biteri Kultur etxea; Euskararen Faktoria (Larramendi, 11); Haur, Nerabe eta Gazteria saila (Aristizabal, 7); Hernaniko Zerbitzu sozialak (Sandiusterri, 1); Herritarren Harrera Zerbitzua (udaletxea); Kulturarteko Plaza Feminista; osasun etxea; Plazara gunea (Gudarien plaza, 5); udal euskaltegia (Karobieta, 63); udal kiroldegia; Zikuñagako Libgunea eta Ereñotzuko udaletxea.