Berriak

Atzealdea Uda Parkean, Ave Maria kulturgune bihurtuta gozatzeko

Aurten DantzPointekin osatuko da egitaraua

2025·07·11


Uda Parkean-en edizio berria uztailaren 18tik 26ra izango da. Dantza, musika, antzerkia, zirkua, pailazoak, ariketa fisikoak eta haurrentzako jolasek hartuko dute Ave Maria. Gaur aurkeztu du egitaraua Udalak. Aitor Huizi Kultura zinegotziak Julen Iñarra DantzPointeko kidea eta Rahaf Shamali, Sol Bandeko abeslaria izan ditu laguntzaile. Uda Parkean Hernaniko Udaleko Kultura, Jarduera Fisiko eta Kirola, eta Haur, Nerabe eta Gazteria sailek elkarlanean antolatzen dute.

Adin guztientzako moduko egitaraua osatzeko egiten den ahalegina azpimarratu du Huizi Kultura zinegotziak. “Familia osoarentzako moduko eskaintza egiten ahalegintzen gara” baita “arte disziplina ezberdinei tokia egiteko”.

“Uda Parkean-en balioan jarri nahi ditugu disziplina artistiko ezberdinak, baita gutxiago ikusten diren horiek, klowna edo zirkoa izan daitezkeen bezala”.

Herriko eragileen artean, Goiz Eguzkiko hartubol taldeak eta Dobera Euskara Elkarteak parte hartuko dute egitarauan.

DantzPoint, musika garaikide eta elektronikoaren zirkuitua Hernanira iritsiko da

Aurtengoan, egun batez gehiago izango da Ave Maria parkea kulturgune ireki. Hain zuzen ere, DantzPoint zirkuitua iritsiko da lehenengoz Hernanira. Hiru DJ ariko dira: Tom Karobi, Santech eta Bitter Ama.

DantzPoint musika garaikide eta elektronikoaren zirkuitua da. Julen Iñarra zirkuituko kideak azaldu duzenez, “DantzPointen helburu nagusia abangoardiako soinuak eta ondare historiko edo naturala uztartzea da, espazio enblematikoetan ondarea balioan jartzeko”.

“Hernanik musika elektronikoaren inguruan garatu duen kultur sare aberatsa aintzat hartuta, Dantz-entzat geldialdi estrategiko eta ezinbestekoa da”, adierazi du Iñarrak. Sare horren ordezkari izango dira Tom Karobi eta Santech DJ hernaniarrak.

Saio hau uztailaren 18an izango da, 18:00etatik 00:00etara.

Sol Band talde palestinarraren eta Olaia Inziarteren kontzertuak

Palestinako Sol Bandek Hernanin emango duen lehen kontzertuaren lekuko izango da Ave Maria (uztailak 25, 22:00). Talde gazatarrak pasa den apirilean kontzertua eman behar zuen baina bisatu arazoengatik, ezin izan zuten Euskal Herrira iritsi.

“Lotura berezia dute Sol Bandeko kideek Hernanirekin, asilo-eskaeraren ondoren gure herrira etorri baitira bizitzera”, adierazi du Huizik. Uda Parkean-eko kontzertua “Palestinaren egoera erdigunera ekartzeko eta gure herrian kultur arlotik ere harrera egiteko modu bat” izango dela gaineratu du.

Rahaf Shamali abeslariak “Uda Parkean-en parte hartzea ohorea” dela aipatu du, “Gazatik atera behar izan dugu baina Euskal Herrian gure etxean sentitzen ari gara”. “Gogotsu gaude gure mezua, soinua eta musika palestinarra denekin partekatzeko”, gaineratu du Shamalik.

Honez gain, euskal musikaren izar garaikideetako bat ere zuzenean entzuteko aukera izango da Uda Parkean-en: Olaia Inziarte igoko da oholtzara hilaren 26an (22:00).

Egitaraua jasotzeko 10 puntu egongo dira herrian

Uda Parkean “Ave Mariaz beste modu batera gozatzeko aukera ederra” dela azpimarratu du Huizik. Hori dela eta, Kultura zinegotziak herritarrak gonbidatu ditu “etxetik ekarritakoarekin edo bertan egongo den eskaintzarekin Uda Parkean baliatzeko bertara afaltzera etortzeko”.

Uda Parkean-en egitaraua jasotzeko aukera izango dute bihartik aurrera hernaniarrek herrian zehar banatutako 10 gunetan, herrigunean eta auzoetan: Biteri kultur Etxean; Euskararen Faktorian (Larramendi, 11); Haur, Nerabe eta Gazteria sailean (Aristizabal, 7); Hernaniko zerbitzu sozialetan (Sandiusterri, 1); HHZ-Herritarrentzako Harrera Zerbitzuan (udaletxea); Kulturarteko Plaza Feministan (Florida, 28); osasun etxean; udal kiroldegian; Zikuñagako libgunean eta Ereñotzuko auzo udalean. ​​​​​​​

Egitaraua