Noticias

Atrás Uxue Bereziartuaren " Hamarratz " proposamenak jaso du 2020ko Arte Sorkuntzarako Beka

2020ko Arte Sorkuntzarako bekak badu irabazlea: Uxue Bereziartua Lonbide artista hernaniarra da, eta berak sortutako Hamarratz serigrafia proiektu herrikoiak jaso du saria. Koro Etxeberria Kultura zinegotziak eman du honen berri, saridunarekin batera Biteri kultur etxean eskainitako prentsaurrekoan.

23·04·2021


2020ko Arte Sorkuntzarako bekak badu irabazlea: Uxue Bereziartua Lonbide artista hernaniarra da, eta berak sortutako Hamarratz serigrafia proiektu herrikoiak jaso du saria. Koro Etxeberria Kultura zinegotziak eman du honen berri, saridunarekin batera Biteri kultur etxean eskainitako prentsaurrekoan.

Uxue Bereziartuak pozez jaso du berria eta irrikitan da proiektua martxan jartzeko. Proiektua erabakitzeko hastapenetan, arte plastikoak kalera nola atera izan zen bere buruhaustea, izan ere, bere sorkuntza ez du eskultura, horma-irudi eta antzekoetan burutu orain arte. Beraz, ondo ezagutzen duen teknika hautatu du, serigrafia, zehazki, kamiseten gaineko serigrafia.

Bereziartuak Hernaniko zenbait auzotan sorkuntza tailerrak egitea proposatzen du. “Polita iruditu zitzaidan irudi estatikotik haratago, sorkuntza nomada bat bultzatzea, alegia, kamiseta soinean eramanez. Horrekin, herritarren inplikazioa eta konplizitatea sortu nahi ditut proiektuarekiko”.

Horrela, bost fasetan bereiziko da proiektua:

  •  Lehen fasean, sorkuntza prozesua abiatuko da, auzo bakoitzean deialdi ireki bat eginez. Bertan erabakiko da kamisetaren irudia.
  •  Bigarrenean, serigrafia taulak sortuko ditu artistak eta kamisetak serigrafiatuko dira herritarrekin, bigarren saio bat eginez.
  •   Hirugarrena, hedapen fasea izango da, soberan geratutako kamisetak zabalduz. Auzo bakoitzak erabakiko du zein auzotar kuttunari banatuko dizkion kamisetak. Herrian zehar ere ausaz banatuko dira kamisetak, ahalik eta gehienarengana zabal dadin sorkuntza.
  •   Laugarren fasea, ekintza bera izango da, kamiseta erabiltzea. Norberak kamisetarekin obra zabalduko du. Konplizitatea sortuko duhonek proiektuarekiko, irudi, kolore eta letra antzekoak soinean eramatean. Ilustrazioak paperean ere egingo dira eta doan banatu.
  •  Azken fasean, urteurreneko efemeridea ospatzeko, kamiseta duten guztiei balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko deia egingo zaie, artea kalera ateratzeko aldarrikapena eginez.

Proiektua udan martxan jartzea da asmoa.

Bi proiektu aurkeztu dira

2020ko deialdiaren helburua artista plastikoei sorkuntza-prozesuan laguntzea izan da, eta artea auzoetara eramatea izan du oinarri deialdiak.

Koro Etxeberriak azaldu duenez, 2016an ekin zaion lehen beka deialdiari, eta dagoeneko 10 proiektu saritu dira. Horietatik 7 jadanik amaituta daude; 2019ko bi proiektuak udazkenean aurkeztuko dira. “Beka honi eusten dio Udalak, ikusten dugulako oso garrantzitsua dela sortzaileak eta sormena bultzatzeko”. Bost urteotan balorazio oso ona egin du zinegotziak.

Bi proiektu aurkeztu ziren 2020ko deialdira, baina soilik bakar bati eman zaio dirulaguntza. Beraz, Hamarratz proiektuak aurkeztutako aurrekontu osoa emango zaio, 4.000 euro.

.Hamarratz proiektuari dagokionez, deialdiari oso ondo lotzen zitzaiola deliberatu zuen balioespen batzordeak, eta auzoak oso ondo lantzen dituela. Etxeberriak azaldu bezala, “proiektuak artea eta sormena konektatzen ditu, artista auzoekin eta herritarrekin konektatuz”. Horren haritik, proiektua kolektiboki auzokideekin batera lantzea oso interesgarritzat jo zuen epaimahaiak. “Herritarrak protagonista izateak proposamenari balio erantsia ematen dio, herritarrek egiten dutelako sorkuntza lana”.

Oro har, “kontzeptu apurtzailea eta apustu berritzailea” da Hamarratz proiektua epaimahaiaren iritzitan. Azkenik, kotoi organikoko kamisetak erabiltzearekin ingurumenarekiko erakutsitako konpromisoa azpimarratu du.