Noticias

Atrás Uda parkean

Ave Maria parkea berriz ere ekitaldiz eta jendez beteko da hilaren amaieran

15·07·2022


Publiko guztientzako moduko egitaraua prestatu dute Udal sail desberdinek, elkarlanean, uztailaren azken asteburua herrian bertan gozatzeko.

Naturan jolasean umeentzako ekintzak irekiko du hiru eguneko egitaraua. Hortaz, hilaren 28an, 17:00etatik hasita, naturako elementuekin eskulanak egiteko proposamena dakarkigu Txatxilipurdi elkarteak dinamizatutako saio honek.

19:30ean, antzerkiak hartuko dio lekukoa jolasari. Hortzmuga taldearen Bidearen amaieran antzezlanarekin. Iluntzearekin batera, 21:30ean, dantza ikusteko parada izango da, Aukeran taldeak ekarriko duen Hurrengo geltokia ikuskizunarekin.

Ostiralarekin batera, hilaren 29an, jolasek abiatuko dute arratsaldeko eskaintza, Bubbles burbuila erraldoiekin. Haurrentzako ere ekojolasak izango dira Plisti-plastak dinamizatutako saioan.

Arratsaldeko proposamena zirkuarekin datorkigu Rojo Telón taldearen eskutik, Nudo ikuskizun ikusgarriaz gozatzeko aukera izango da 20:30ean. Neomak kontzertuak emango dio pausoa gauari, 22:00etan.

Hilaren 30ean, larunbatarekin, Hartubol kirol jardueran aritzeko aukera izango da, Goiz Eguzki jubilatuen elkarteak eta boleibol taldeak antolatuta. 17:30ean izango da. 19:00etan, ostera, haurrentzako antzerkia izango da, Yarleku taldearen Numenak lana ekarriko du. Hiru eguneko egitaraua ixteko musika kontzertuak izango da Aguraingo Dupla taldearen eskutik.

Ekitaldi guztiak Ave Maria parkean izango dira. Euria eginez gero, gehienak Atsegindegira lekualdatuko dira.

Parkean bertan afari-meriendak egiteko gonbita egin dute udal ordezkariek. Etxetik bertatik ekarri edota food truck bat ere bertan egongo da gosea asetu nahi duenarentzat.

Egitaraua

Aurkezpenaren bideoa