Noticias

Atrás San Joan jaiak 2023

San Joanetako Jai Batzordeak urtean zehar landutako egitaraua aurkeztu zen atzo udaletxean, batzordearen ordezkaritza zabal bat bilduta. Pandemiaren ondorengo iazko San Joan jaien ostean, 2023ko jaiak gogotsu eta indar handiz hartuko dituzte hernaniarrek.

09·06·2023


Ohi bezala, preludioaren ospakizunak emango die jaiei hasiera. Ekainaren 16an preludio txikia egingo da eta 17an preludioa. Jorge Pacheco Musika Bandaren zuzendariak aurreratu zuen Bitartean folk taldea eta Ainhoa Larrañaga musikaria izango direla aurtengo emanaldiaren gonbidatuak.

 

Koro Etxeberria kultura zinegotziak iragarri zuen udako solstizioaren ospakizuna Chillida Leku Museoan izango dela ekainaren 21ean. Bertan, Oreka TX taldeak landutako Elkarrizketak ikuskizun ibiltariaz gozatzeko aukera izango da. Ikuskizun honek dantza eta musika elkartuko ditu eta Euskal Herriko artista ugari bildu, besteak beste, Xabier Zeberio, Amaia Elizaran edo Gorka Hermosa.

Sarrerak salgai daude Biteriko leihatilan 10 eurotan hernaniarrentzat. Bestalde, bertara joateko autobusa jarri du udalak, dohainik. Arratsaldeko 19:15ean irtengo da Atsegindegiko autobus geltokitik eta emanaldia bukatzean itzultzeko aukera ere izango da. Izena eman behar da Biterin.

Konpartsak hasiera festei

Aurtengo jaien hasiera eta bukaera Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren eskutik izango da, izan ere, 25 betetzen ditu konpartsak, eta 75 urte betetzen dira erraldoiak Hernanin lehen aldiz irten zirenetik.

Programazioan musika eta kaleko ikuskizunak ere izango dira nagusi. Aurtengo kontzertu nagusia ekainaren 26an izango da eta Gatibu taldea izango dugu; 24an, berriz, Brigade Loco eta Bad Sound taldeak arituko dira. Gaztetxoentzat eskaintza paregabea prestatu du Gaztelekuak, Su Festa! Ospakizunaren barruan. Gorane rap abeslaria eta LaMia Mari arituko dira Ezkiagako kioskoan, biak hernaniarrak.

Horiekin batera, Puro Relajo, La Jodedera, Iratzar eta Laiotz erromeriak, txarangak, musika elektronikoa, bertsolariak, elektrotxarangak... izango dira.

Animalien eskubideak babesteko legearen aplikazioa dela eta, aurten ez dago baimenduta zezen txikiak egitea eta, beraz, programaziotik kanpo geratu dira. Horien ordez haur eta gaztetxoentzako ikuskizunak izango dira: Txorotxaranga, Oh, pera! zirkua, Otempodiz dantza urbano emanaldia, Akelarre txikia, Jacuzzi ikuskizun familiarra, Adabaki klown, eta amaitzeko, Deabru Beltzak taldearen piroteknia.

Egitaraua