Noticias

Atrás Raúl Barreras zinegileak Hernanin grabatuko du Arnasa film laburra, Geuretik Sortuak proiektuaren baitan

"Geuretik Sortuak" Udalbiltzak sustatutako programaren barruan kokatzen da Raúl Barreras zinegile karrantzarra Hernanin lantzen ari den film laburraren egitasmoa. Programa horren helburua da euskaraz egindako kulturaren ekoizpena bultzatzea eta egitasmo horiek hedatzeko zirkuitu nazionala sortzea.

19·11·2021


“Gaur aurkeztuko dizuegun kultur proiektua Geuretik Sortuak izeneko programaren barruan kokatzen da. Arnasa izenburua du, film labur bat da eta Raúl Barreras zinegilea da horren sortzailea”, esan du Xabier Lertxundi alkateak.

Geuretik Sortuak Udalbiltzaren programa bat da. Horren xedea da euskaraz egindako kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala sortzea. Euskal kultura sustatzeaz gain, nazio ikuspegia duen proiektua ere bada. “Hernani egitasmo honetara batu da programaren helburuekin guztiz bat egiten dugulako”, nabarmendu du alkateak. Hernaniz gain, Euskal Herriko beste 25 bat herrik ere bat egin dute egitasmo honekin.

“Proiektuan parte hartzen dugun herri bakoitzak kulturgile bati egonaldi bat eskaintzen diogu eta sortzaileak bere kultur proiektua garatzen du gure herrian. Hernanin gaur gurekin dagoen Raúl Barreras zinegile karrantzarra hartu dugu. Arnasa film laburra garatzen ari da”, erantsi du Lertxundik.

Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak Geuretik Sortuak programaren zehaztasunak eman ditu. Asurmendiren esanetan, “oso pozik gaude gure proposamenak sortzaileen artean jaso duen erantzunarekin. 70tik gora proiektu aurkeztu ziren”. Horietatik 26 aukeratu eta horiek garatzen ari dira orain Euskal Herri osoan. Literatura, antzerkigintza eta zinegintza diziplinak lantzen ari dira programaren baitan.

Sortzaile bakoitzarentzat herria aukeratzeko garaian, “saiatu gara sortzaileak haien herrietatik kanpo eramaten; elkar ezagutza sustatzeko asmoz”, erantsi du Asurmendik.

Bost antzerki obra, bost film labur eta 16 idazleren lanak 2022an ikusteko aukera

“Proiektu guztiak sormen eta ekoizpen fasean daude aurten eta, datorren urtean emaitzak ikusiko ditugu. 26 sortzaileen lanak parte hartu duten herri guztietan ikusi ahalko dira. Bost antzerki obra, bost film laburrez osatutako pelikula eta 16 idazleen lanek osatutako liburua izango da programa honen fruitua”, azaldu du Asurmendik.

Raúl Barreras zinegile karrantzarra da Hernanin proiektua egiten ari den sortzailea. Maiatzean hasi zuen Hernaniko egonaldia. Hasierako asmoa zuen homofobia eta adinekoen zaintzaren inguruan hitz egitea, COVID-19ak eragindako egoeraren testuinguruan. “Baina denborarekin eta Hernaniko errealitatea ezagutu ostean, hasierako asmoa moldatu dut eta orain, COVID-19a apur bat bazterrean utzi eta beste ikuspuntu batetik ari naiz”, azaldu du Barrerasek.

Baserritarrekin hizketan aritu da hilabeteotan Raúl Barreras eta haiek esandakoak txertatu ditu film laburraren gidoian. Aktoreei dagokienez, Hernanikoak izaten saiatu zen Raúl baina ez du lortu. Azkenean Eneko Sagardoy izango da protagonista eta Onddi mendi magaleko baserri batean grabatuko dute. Protagonistak ez badira ere, hernaniarrek ere parte hartuko dute.

Grabazioa hilaren 29an hasiko da Onddi mendiaren magalean

Film laburraren grabazioa azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean egingo dute.
Koro Etxeberria Kultura zinegotziaren iritziz, Geuretik Sortuak Hernanirentzat eta hernaniarrontzat proiektu “aberatsa, erakargarria, osagarria, ausarta eta inportantea da”.
Gainera, “bat egiten du bete-betean azken urteetan sormenaren inguruan gure herrian abiatutako lan lerro berriarekin, esaterako, sormen beka, Dagaz dantza proiektua...”, gogorarazi du Etxeberriak.

“Hernaniri Arnasa film laburra egokitu zaio eta oso pozik gaude. Proiektu polita da eta ondo landua dago, gai interesgarri eta mamitsua jorratzen du, lan talde ona osatu du Raulek, aipatu duen bezala hernaniarrak tarteko, eta herritarrentzat planteatzen dituen ekintzak interesekoak dira”, iritzi dio Kultura zinegotziak.

Geuretik Sortuak programaren fruituak, esan bezala, orain ari dira sortzen eta ekoizten. Emaitzak 2022an ikusiko ditugu. “Emaitza horiek gure kultura programazioan txertatuko ditugu, eta ohiko eskaintza handitu, hobetu eta osatuko dute. Denak Hernanin aurkeztuko ditugu eta hernaniarrok horiek gozatzeko aukera izango dugu”, azaldu du Etxeberriak.