Noticias
Atrás Maite Larbururen "abesti bizidun bat" eta Eli Pagolaren Ta argiya iñ zan instalakuntza, sorkuntza bekaren 7. edizioaren irabazleak
13·04·2022
Koro Etxeberria Kultura zinegotziak adierazi duenez, beka honekin azaleratzen da "herrian sortzaile harrobi handia eta sendoa dugula". Aurtengo edizioan hamaika kultur proposamen aurkeztu dira eta bik jaso dute epaimahaikideen saria. Puntuazio bera jaso dutenez, 5.000na euro jasoko dute haien proposamena garatzeko.
Maite Larburuk buru duen hirukotearen Arrailak proposamena da bekaren irabazleetako bat. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailearekin eta Oskarbi Sein ilustratzaile eta animazio egilearekin batera, 7 minutuko animaziozko bideo bat egingo dute. Maite Larbururen "abesti bizidun bat" izango da. Arrailak kantua oinarri izango du proposamenak. Krak Larbururen bakarkako bigarren diskoan dago kantu hori eta amonari gertatutako istorio "gogor bezain ederra" kontatzen du. Axpi eta Oskarbi Sein, biak ala biak, proiektuari ekiteko irrikaz eta ilusioz beteta daude. Abestia oso bisuala dela diote hiruek eta kantua animazio bihurtzeko ideiak borborka dituzte jada.
Eli Pagolak zuzendutako proiektuak Ta argiya iñ zan ikusentzunezko instakaluntza bat proposatzen du. Argiaren, argindarraren eta energia hidraulikoaren inguruko gogoeta zientifiko-artistiko bat planteatzen du. Urumearen bueltan energia sortzeko hidrolektrikoak dira protagonistak. Pagolarekin batera Ainhoa Gutierrez zinegilea ere arituko da proiektua gauzatzen.
Zentral hidroelektrikoak, ur-putzuak… energia sortzeko azpiegitura horiek dute presentzia handia. "Elektrizitatearen sorburu horiekin ze harreman dugun ikertu nahi dugu. Artxibo lanak egin nahi ditugu. Zentralaren ondoan edota zentraletik bizi diren pertsona horien testigantzak jasoko ditugu", azaldu du Pagolak. Gogoeta artistikoa da, zinema pieza esperimentala, irudi bilduma -egungoa eta artxibokoak- eta argindarraren mapa bat dute buruan sortzaileek. "Horren emaitza Ereñotzuko zentral batean proiektatzeko asmoa dugu", azaldu du Eli Pagolak.