Noticias

Atrás Kulturaz gozatzera aretoaren epelera sartzeko gonbita egiten digu udazken eta neguko egitarauak

Udako beroaldiak atzean utzita, eta udazkenean bete-betean murgildu garela, areto barrura sartzeko garaia iritsi da. Nagiak ateratzeko zer hobe herrian eskaintzen den kultur agendaz gozatzea baino. Hemendik eta urtea amaitu bitartean musika, literatura, antzerkia, dantzaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu, eta herritik irten gabe.

05·10·2022


Egitaraua gustu eta publiko mota guztiak asetzeko modukoa da, baina badira berritasun aipagarriak: Hernanikomik komiki azokaren lehen edizioa eta Milagrosa espazioaren berreskurapena.

Udal Liburutegiak antolatu duen Hernanikomik azokak lehen edizioa izango du aurten. Azaroaren 18an eta 19an. Herriko eta inguruko ilustratzaileak eta komikigileen lanak ikusteko parada izango da Hernanin. Axpi, Adur Larrea, Unai Iturriaga, Alex Sanvicente, Harkaitz Cano, Joseba Larratxe, Asisko Urmeneta, Eider Eibar, Ainhoa eta Susana Martin, besteak beste. Azokaren barruan, Black is Beltza II. Ainhoa filmaren emanaldiaz eta Su Ta Garren aurkezpen musikatuaz gozatzeko aukera izango du publikoak.

Musikan ere eskaintza ezin hobea dakar kultur egitarauak. Jon Maia Soriaren Kantu bat gara, Deñe eta Mikel Morenoren emanaldia eta Izaroren “Limones de Oro” lanaren aurkezpen kontzertuak dira abendura bitarteko proposamenak.

Horretaz gain, literatur solasaldiak, ipuin kontaketak, antzerkiak -haurrentzat bost ikuskizun programatu dira-, bi dantza emanaldi, eta nahastekak atalaren barruan (Milagrosan izango dira) bi lan ikusi ahalko dira: Popatik Banden Maitatzeari eta Andoni Mutiloaren Sex Sua.

Zinemaren atalean, euskal zinearen ekoizpenaren aldeko apustua izango da nagusi. Donostiako zine jaialdian estreinatu den Bi arnas filma, Black is Beltza II: Ainhoa eta Kepa Junkeraren Berpiztu. Renacer proiektatuko dira.

Biteri kultur etxean laster hasiko diren obren ondorioz, erakusketak ezingo dira egin. Sarrerak eta gonbidapenak eskuratzeko modua, ohi bezala, aurrez aurre Biteri kultur etxean eta kultura.hernani.eus webgunean.