Noticias

Atrás Kulturaren berpiztea udazkenarekin batera

Udazkeneko programazioa ekitaldiz beteta datorkigu

05·10·2021


Urtea amaitu arteko hilabeteak kulturaz beteta datozkigu. COVID-ak sortutako pandemiaren unerik gogorrenean ere kulturaren aldeko apustua egin du Hernanik eta, orain, nolabait egoera hobetzen ari dela, inoiz baino indartsuago ekingo dio Kultura sailak udazkenari. Musika, literatura, antzerkia, dantza, arte plastikoak... kalitatezko eskaintza zabalaz gozatzeko parada izango dugu Hernanin bertan.

Udazkeneko kultura egitaraua aurkeztu dute gaur Biterin. Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, Nagore Irastortza arlo horretako teknikariak eta Ainara Ainestaran Liburutegiko ordezkariak eman dute hemendik abendura bitarteko programazioaren berri.

Pandemiak ezarritako egoera ez da erabat konpondu baina hobera doa eta oso berri ona da kulturarentzat, jakina den bezala pandemiak sektore hau asko kaltetu duelako. Espero dezagun hemendik aurrera zailak edo egin ezin ziren zenbat jarduera berreskuratzeko aukera izatea”, nabarmendu du Koro Etxeberria Kulturako zinegotziak.

Aurtengo udazkenak literatura, antzerkia, musika, dantza eta erakusteta eskaintza zabala eta kalitatezkoas ekarriko digu. Heldu, gazte eta haurrentzako eskaintza anitza izango dugu, Euskal Herriko zein kanpoko artisten eskutik. Hernaniko kultur taldeek ere bere lekua dute, esaterako Ozenki eta Umore Ona abesbatzak, musika banda edo musika eskolak eskainiko dizkiguten kontzertuetan.

Literatura

Kattalin Minerrek irekiko du literaturaren ataleko egitaraua. Izan ere, “gaur bertan hasiko da emakumeen euskal literatura mintegia. Kattalin Miner izango da gidari, eta euskal emakume idazleen liburuak aztertuko ditugu, hilero bat”, adierazi du Ainara Aiestaran Liburutegiko ordezkariak. “Lehenengo mintegia joan zen larunbateko liburu azokan aurkeztutako liburuetako bat da, hain justu: Ana Malagon idazlearen "Ez dakit zertaz ari zaren". Azaroan, Maddi Ane Txoperenaren  "Ene baitan bizi da", eta, abenduan, Nerea Loiolaren "Epizentroa". 

Honetaz gain, “literatura solasaldiak ere baditugu, hilean behin, bat euskaraz eta bat gaztelaniaz. Normalean, euskarazkoak asteartetan eta gaztelaniazkoak asteazkenetan izan ohi dira”, zehaztu du Aiestaranek. Saioak 19:00etan izango dira. “Parte hartzeko interesa duenak liburutegira jo dezala. Bertan izaten ditugu aleak eskura”, jakinarazi du.

Ipuin kontaketak ere izango ditugu berriz:  urrian, Lur Korta izango da kontalari, eta, azaroan, Ixabel Agirresarobe etorriko da. 4-6 urtekoentzako izango dira, bi saio egun bakoitzean. Biteriko areto nagusian egingo dira, eta haurrak guraso edo heldu batek lagunduta sartu beharko dute”, erantsi du.

Antzerkia, musika eta erakusketak

Nagore Irastortza Kultura teknikariak azaldu ditu antzerkia, musika eta erakusketa arloetako eskaintzaren nondik norakoak.

Musika arloan, hiru kontzertu izango dira. “Lasaietik jo dugu oraingoan, klasikoa eta modernoagoa tartekatuta”, adierazi du Nagore Irastortzak. Urrian Basabi taldea etorriko zaigu Hernanira. “Musika klasikoa eta txalaparta uztartzen ditu, baina bakoitzak ohiko dituen esparruetatik aldenduz. Esperimentazioa da nagusi haien Kronos disko berrian. Taldeko partaide da Sergio Lamuedra txalapartari hernaniarra”, erantsi du.

Azaroa, “Olatz Salvador musikariaren emanaldiaz gozatzeko parada izango dugu. Une honetan musikaren eszenaren goian dago, Aho uhal bigarren diskoa argitaratu zuenetik. Musikari indartsuez inguratuta ageri da emanaldietan, eta kolaborazio ugari izan ditu disko honek, bai hitzen aldetik bai musikaren aldetik ere”, azaldu du Kultura teknikariak.

Abenduan, Joxemari Iparragirre eta Xabier Leteren jaiotza eta heriotzaren urteurren urtea izan zen iazkoa, eta horren harira Bi min kantuan emanaldia sortu zuen Joxan Goikoetxea musikariak Euskamerata taldearekin. “Bi musikariak hobeto ezagutzeko aukera emango digute, eta musikarekin bai Iñaki Beraetxeren ahotsarekin ere”, esan du Irastortzak.

Biteri aretoan ez ezik, kalean ere izango dira musika emanaldiak. Hernaniko Musika Banda eta Txistulari Banda berriz martxan jarri dira, eta COVID-19aren ondorioz bertan behera utzitako hainbat kontzertu berreskuratzen saiatuko dira. Hala, Santa Zezilia eguneko kontzertuak zein Gabonetakoak, besteak beste, berreskuratuko dituzte. Santa Zeziliaren harira, Musika Bandak Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin arituko da, eta Gabonetan Umore Ona eta Ozenki abesbatzekin.

Nahastekak atalean, “oso dantza emanaldi indartsua izango dugu, egunerokotasun handikoa. Dantzaz konpainiak Bat ikuskizuna eskainiko du. Hiru piezaz osatutako emanaldia da, publiko orori zuzendua, eta gaur egungo munduari begiratzen diona”, nabarmendu du Kultura teknikariak.

Haurrentzako antzerkia

Haurrentzako programazioari dagokionez, aukera desberdinak eskainiko dira antzerkian, hala nola, maskarak erabilita egindako antzerkia, dantza nagusi duena, hitzik gabeko umore absurdoa, baita magia ere.

Urrian, Tormesko Laxaro. Tormesko itsumutila istorio klasikoa du oinarritzat komedia honek. Galiziatik etorritako Pedras de Cartón konpainiak maskarak erabiliko ditu antzezlan honetan. Azaroan, Alpha. Ganso & Cía konpainia bizkaitarrak umore handiz eramango gaitu lotan gaudenean murgiltzen garen ametsen mundura. Bideo proiekzioek eta zuzeneko musikak aberastuko dute emanaldia. Abenduan, Izadi. 0-5 urteko haurrei zuzendutako emanaldi honek gorputza du oinarri, eta emozioak azaleratuko ditu zenbait objektu erabiliz.

Abenduan, Hodei magoak Ezinezkoaren logika ikuskizuna eskainiko digu. Familia osoarentzat, parte-hartzailea eta umoretsua. Urtarrilean, Markeliñek ekarriko digu Ganbara doinuak ikuskizuna. Bere azken lanaren estreinaldian emakumeek baserrian egindako lana omenduko dute. Azpimarratzeko da zuzeneko musika egongo dela.

Antzerki zikloari dagokionez, azaroaren 16ik 18ra, bi saio euskaraz eta bat gaztelaniaz izango dira.“Ameriketako bidaia freskoa, umoretsua, erritmo bizikoa, heldu zein gazteentzat eta Shakespeare en Berlin Berlinen nazien garaian kokatua. Lubaki lainotsua estreinatu berriak belaunaldien talkari buruz dihardu, zahar eta berriaren arteko komunikazioaz”, argitu du Irastortzak.

Erakusketak

Erakusketen atalean, urrian, Miguel Monteroren eta Isidoro Avilaren akuarelak eta harri artistikoak ikusi ahalko dira; azaroan, Peio Coelloren pintura erakusketa eta, abenduan, Burgosko prozesuari buruzko erakusketa izango ditugu Biterin. Erakusketa hau Foru Aldundiarekin eta Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean egin da. Abendutik urtarrilera bitartean, Amaia Oihanederren zeramikako eskulturak izango dira erakusgai.


 

Sarrerak

Biteriko leihatilan zein kultura.hernani.eus webgunearen bidez jarriko dira salgai. “Hilabetearen hasieran jarriko dira salgai hilabeteko bakoitzeko ekimenei dagozkien sarrerak”, ohartarazi du Nagore Irastortzak.

Hitz Andana

Amaitu berri den Hitz Andanaren arrakasta ere gogoan izan dute Kultura arloko ordezkariek. “Balantzea oso positiboa izan da, jende ugari ibili da, eta esker oneko hitzak jaso ditugu”, nabarmendu dute.

Koro Etxeberriak aipamen berezi bat izan du bai Hitz Andana jaialdian bai Atsegindegin egindako udako programazioko emanaldietan parte hartu dutenentzat. “Talde, artista eta sortzaileek eskaini dizkiguten lanengatik, eta, bereziki, herniarrei eta beste herrietatik ere hurbildu direnei emandako erantzunagatik, hain egoera zailean, ikaragarria izan baita partehartzea eta jarrera egokia. Pandemiaren hasieran aukeratutako Kulturaz gozatu elkar zainduz leloa gurea egin dugu dudarik gabe”, ohartarazi du Etxeberriak.

Zinea eta ikastaroak

Egitarau oparo hori osatzeko, gainera, gogoraraztekoa da asteburuetako zine programazioa eta ikastaroak ere martxan daudela. Beraz, agenda beteta dator eta Kulturaz gozatzen segi dezagun aukera eta eskaintza badago eta.

 

Udazkeneko programazioa