Noticias

Atrás Hitz Andana jaialdia ospatuko da datorren astean

Gonbidapenak eta sarrerak hilaren 20tik aurrera egongo dira eskuragarri

20·09·2023


Hitz Andanaren edizio berria aurkeztu du gaur Udalak, parte hartuko duten eragileetako ordezkarien laguntzarekin. Irailaren 27tik urriaren 1era izango da hitzaren eta literaturaren ahozko jaialdia.

Aitor Huizi Kultura zinegotziak azaldu duenez, “aurten elkartasunak eta generoak pisu berezia” izango dute. Aurkezpenean ondoan izan ditu Ainara Aiestaran, Hernaniko liburutegiko arduraduna; Nagore Zubitur, Dobera elkarteko kidea; Amaia Agirre gai-jartzaile eta Iñurri elkarteko kidea, eta Marta Luxán, Hernaniko Kale Literaturako kidea.

Poesia, bertsoa eta dantzarentzako tokia

Ainara Aiestaran Hernaniko liburuzainak azaldu duenez, “poesiarekin hasi eta bukatuko da aurtengo Hitz Andana, baina denetik edukiko dugu bost egunez”.

Lehenengo ekitaldian Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Jose Luis Otamendi eta Asier Serrano poeta kontsakratuak herriko ikasleekin igoko dira oholtzara, Jon Martin bertsolariak aurkeztuta eta Edurne Saizar pianistak musikatutako errezitaldia eskaintzeko.

Amaia Agirre gai-jartzaileak Iñurri elkartearen aldeko bertso-saioaren berri Haizea dator ifarraldetik doinua hartuta, bertsotan eman du:

“Inoiz entzun nahi ez den gai bat da

minbiziaren corpusa

hustu ta soildu, ahultzen duena

burua eta gorputza

Dragon Khan, Dragon cancer bihurtuz

ta bertigoa goruntza

tabu bidezko isiltasunak

dakar minaren hizkuntza

ireki ta berzikla dezagun

beldur ta mamuen kutxa

sendagai emozionala denez

minak oholtzaratze hutsa

enpatiatik besarkatzea

da elkarte honen funtsa

inurri baita, babes sare bat

maitasuna ta laguntza”

Bertso-saioan biltzen den dirua minbizia ikuspegi feministatik lantzen duen Iñurri elkartearentzako izango da.

Ostiralean, Ekaitz Goikoetxearen testuekin eta Kepa Errastiren zuzendaritzapean Kimuak dantza kolektiboak sortu duen GenErorAntz dantza-emanaldia izango da.

Saio hauetarako gonbidapenak eta sarrerak bihartik (hilak 20) aurrera eskuratu ahal izango dira Biteri Kultur Etxean eta sarean (www.kultura.hernani.eus).


 

Liburu Azoka nobedadeekin dator

Hitz Andana jaialdiko egitarauaren baitan, Dobera Euskara Elkarteak eta Hernaniko Kale Literatura taldeak ere parte hartu dute.

Dobera elkarteko Nagore Zubiturrek euskara elkarteak hirugarrenez antolatuko duen Liburu Azokaren nobedadeen berri eman du gaurko aurkezpenean: “Aurten diskoak ere salduko dira, beraz, Liburu eta Disko Azoka izatera pasatuko gara. Bestetik, Doinu Ele euskara hutsezko sarearen barruan sartu gara”.

Larunbatarekin (hilak 30) liburu eta disko aurkezpenak, ipuin-kontaketa, Haur Txokoa, irakurraldia eta bertso saio literarioa izango dira Atsegindegin. Horiez gain, liburu eta diskoak saltzeko 17 postu izango dira, “inoizko gehien” , eta hauetan idazle eta musikariak egongo dira sinatzen.

Igandeko Poemolly, ludopoesia saioaren aren berri Marta Luxánek eman du: “Gure helburua kalean eta edozeinek irakurtzea da, eta oraingoan jolas bat proposatu dugu horretarako”. Euskal literaturari buruzko triviala prestatu dute, Itziar Ugarteren Gu gabe ere liburuko 24 poema errezitatu bitartean jokatuko dena.

Poemollyn parte hartu nahi dueneak Hernaniko liburutegian edo www.hkl.eus-en egin dezake.


 

EGITARAUA:

Irailak 27, asteazkena: Mare, ilargiari poemak errezitaldi musikatua (19:00, Biteri kultur etxea). Gonbidapenak: kultura.hernani.eus edo Biteriko leihatilan.

Irailak 28, osteguna: Tabuen kutxatik oholtzara bertso-saio musikatua (19:00, Biteri kultur etxea). Sarrerak: kultura.hernani.eus edo Biteriko leihatilan (8 euro).

Irailak 29, ostirala: GenErorAntz (19:30, Biteri kultur etxea). Sarrerak: kultura.hernani.eus edo Biteriko leihatilan (8 euro).

Irailak 30, larunbata: III. Liburu eta Disko azoka (11:00-14:30/17:00-19:30, Atsegindegi).

Urriak 1, igandea: Poemolly: ludopoesia saio bat (12:00, Biteri aurrean).