Noticias
Atrás Ainara García Aranburu publica las fotografías tratando de dar a las mujeres una visibilidad que se les ha negado en la historia
19·02·2021
Emakumezkoak dira Ainara Garcia Aranburuk herriko kaleetan jarri berri dituzten lau argazkien protagonistak. Historia ofizialak emakumezkoak ahaztuta eduki ditu mendeetan, eta gabezia hori artearen bidez murriztu nahian burutu du lan hau Garcia Aranburuk.
Eskuak izeneko argazkian, XX. mendean Hernaniko baserrietan ohikoak ziren txerri-hilketak islatzen dira. Horiek jai giroan ospatzen ziren eta emakumezkoen lana funtsezkoa izaten zen. “Gutxik eskertuko zuten, ordea, emakumeek egun osoan egindako lana. Eskuak odolez beteta, orduak pasatzen zituzten odolkiak, tripotxak, txistorrak, taloak eta gainerako jakiak prestatzen gizonezkoen gozamenerako”, adierazi du egileak. Irudi hau Urbieta kalean dago kokatuta.
Emakume kirolariak argazkian Ezkiagako frontoian palan jolasten ari diren emakumeak azaltzen dira. Argazki honetan kirolean aritu eta aritzen diren ehunka emakumeen lanari ikusgarritasuna emateko xedea du. “Emakume kirolarien presentzia ia hutsala izan da euskal prentsa eta komunikabideetan. Hala izan da garai batean eta gaur egun ere antzeko egoeran jarraitzen dugu”, salatu du Ainara Garcia Aranburuk. Argazki hau kiroldegiko goikoaldeko fatxadan kokatuta dago.
Emakume etorkinak argazkian kanpotik etorritako emakumeek gure jendarteari egiten dioten ekarpena aldarrikatu nahi du. Zaintza lanez arduratzen dira gehien bat eta, egilearen ustez, ez zaie merezitako errekonozimendua ematen. Argazki hau Plaza Berrin ikus daiteke.
Leokako labanderak argazkiarekin hernaniar emakumeen bilgunea zen labaderoari omenaldia egin nahi dio Garcia Aranburuk eta horrek emakumeen sozializazioan zeukan garrantzia nabarmendu nahi du. Labaderorantz doan bidean dago kokatuta.