Noticias
Atrás Dantza garaikidearen talde amateurren sarea Hernanira iritsi da
01·03·2021
Dantza garaikidearen inguruan dagoen zaletasuna piztea eta talde amateurren sare bat osatzea da Dantzaz konpainiak Dagaz ekimenarekin lortu nahi duena. Dantzaren inguruan parte hartzeko modu eta inplikazio maila desberdinek lekua izango dute proiektu berritzaile honetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabaltzen ari da Dagaz sarea, eta Hernanik ere parte hartuko du.
Dagazek, Hernanin, Udalaren Kultur Arloa eta Chillida Leku izango ditu bidelagun. "Adin eta mota guztietako zaleek, estilo eta sentsibilitate desberdinek lekua izango dute, bakoitzak bere ekarpena egin ahalko du", adierazi du Elene Carretok, Hernaniko saioak gidatuko dituen dantzariak.
Udalaren Kultur Arloa, beraz, dantza garaikideari hauspoa emateko prest. "Dantzarako zaletasun handia dago Hernanin", gogorarazi du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak.
Chillida Lekuko ordezkari Mireia Massagué eta Nausica Sánchezek, bestalde, nabarmendu dute museoak dantzarekin harreman berezia izan duela beti. "Museoaren eta dantzaren artean hasieratik harreman natural bat egon da", esan du Massagué Chillida Lekuko zuzendariak.
Parte hartzeko modu desberdinak Bi modu daude sarean parte hartzeko, norberak nahi duen inplikazio mailaren araberakoa. Lehen aukera da dantza saioetako ikusle berezia izatea -norberaren udalerriko eta DAGAZ sareko beste udalerri batzuetako dantza emanaldietara joatea, sortzaileekin denbora partekatzea, hitz egitea, iruzkinak egitea-.
Bigarren aukera da, ikusle izateaz gain, noizean behin dantza egiteko aukera ere izatea. Aukera honen barruan, maiztasun desberdinak daude: noizean behin eta asteroko saioetan parte hartzea. Saio horiek herriko koreaografoek zuzenduko dituzte eta, batzutan, kanpotik etorriko diren koreoografo gonbidatuek. Dagazek bi eszenatoki nagusi izango ditu Hernanin: Biteri kultur etxea eta Chillida Leku museoa.
Asteroko saioak:
Martxotik ekainera
Elene Carretorekin eta Euskal Herriko beste koreografoekin saioak Larunbatetan 11:00etatik 12:30etara
Biteri kultur etxean/Chillida Lekun
Prezioa: 30€ pertsonako hiruhilekoan
Izenematea: dagaz@dantzaz.eus Oharra:
Aforo mugatua. Zerrendak izen-emate ordenaren arabera egingo dira, eta itxaron zerrenda bat irekiko da, plazak libre geratuko balira ere.
Noizbehinkako saioak:
Martxoan, maiatzan eta ekainean.
Prezioa: 8€ pertsonako, saio bakoitzeko
Programazioa: laster eskuragarria
Izena emateko edo interesa adierazteko: dagaz@dantzaz.eus
Publiko berezia izateko:
Programazioa: laster eskuragarria.
Prezioa: emanaldiaren arabera
Izena emateko edo interesa adierazteko: dagaz@dantzaz.eus
DAGAZ EAEko hainbat herritara hedatu da
Hernanirekin batera, Gipuzkoako Dantzagunea, Zumaia eta Lezo ere batu dira ekimenera. Horiekin batera, Amurriok (Araba), Durangok, Berrizek eta Trapagak (Bizkaia) ere egin dute bat DAGAZ proposamenarekin bat. Informazio gehiagorako: www.dagaz.eus