Noticias
Atrás “Kultur Bira, auzoz auzo” aurkeztu dute, auzoetan bizitza kulturala sustatzea, auzoa egitea eta auzoan giroa bultzatzea helburu duen ekimena
04·05·2023
Nagore Irastortza, Kultura teknikariak, eman du ekimen horren sorreraren nondik norakoen berri. “Udalak, urtero, auzo elkarteei diru laguntzak banatzen dizkie, eta 2023rako 24.000 euro gehiago erantsi ditu aurrekontu horretan. Udalak zenbait proposamen jarri zituen mahai gainean auzo elkarteek erabaki zezaten diru hori nola banatu. Auzo elkarte gehienek erabaki zuten auzoetan kultur jarduerak sustatzera bideratzea diru horren kopuru bat, kultura sustatu eta jarduerak deszentralizatzeko helburuarekin”.
Eta horrela sortu da Kultur Bira. Pozik azaldu dira udal ordezkariak auzo elkarteen erantzunarekin. “Auzo elkarteei borondatez parte hartzeko aukera eman zitzaien eta erantzuna oso ona izan zen, guztira, 10 elkartek parte hartuko dute bira honetan: Ereñotzu, Karabel, Kaxko, Latsunbeberri, Osinaga, Portu, Sorgintxulo, Txantxilla, Zelabide eta Zikuñaga”.
Elkarte bakoitza arduratu da bere auzoko jarduera aukeratu eta antolatzeaz, auzoaren nortasunari eta auzotarrei lotuta. Horrela, bereziki publiko familiarrari zuzendutako programazioa osatu dute.
Kultur Biraren funtsa auzo elkarteen eta Udalaren arteko elkarlana da. “Finantziazioa Udalak egin arren, ezingo litzateke aurrera eraman auzo elkarteen elkarlanik gabe. Horrexegatik bereziki pozten gaitu programa hau aurrera eramateak”, esan du Irastortzak.
Elkarlanean sortutako ekimena
Ane Arraztiok Txantxiku elkarteko kideak hitz egin du auzo elkarteen izenean. “Hasieratik garbi izan genuen auzo elkarteok Kultur Bira honetan parte hartu nahi genuela. Ez da gauza berria auzoetan kultur jarduerak eta jaiak antolatzea. Urteak daramatzagu horretan”, adierazi du.
“Kultur Biraren berritasuna da auzo elkarteek Udalarekin elkarlanean egingo dugula kultur programazio hau, bai finantzazio aldetik bai antolaketa aldetik. Normalena da auzo elkarte bakoitzak bere programazioa landu eta aurrera eramatea, sarritan ez diogu elkarri gehiegi begiratzen”, aitortu du. “Kultur Birarekin, ordea, maiatzetik urrira bitartean, askotariko programazioa osatu dugu guztion artean. Musika, antzerkia, zirkua eta jolasak izango dira hilabete horietan”, nabarmendu du Arraztiok.
“Guztiok argi dugu zein garrantzitsua den auzoetan bizitza kulturala sustatzea, auzoa egitea eta auzoan giroa bultzatzea. Eta horretan jarraituko dugu”, ohartarazi du.