Berriak
Atzealdea

Erakusketa: Poetikotasuna

Poema Bisualak: Itziar Lamuedra Calo. H Itz Imajinaren tratamendua eta Maketazioa: Okene Abrego Txopeitia Maiatzaren 4tik 19ra

2021·05·07


Poesia ez da derrigorrez idatzi behar den zerbait. Poesia idatzi daiteken zerbait da. Baina Poesia filmatua, marraztua, ala imajin batean irudikatua ere izan leike. Poesia ahotsa, objetu bat edo akzioa ere bada.

Poesia bizitzeko modu gisa aldarrikatu nahi dut, edo hobe esanda, bizitzarekin erlazionatzeko modu bat bezala. Egun eta gaben paramoetatik zehar ibiltzeko modu bat bezala. Gertaera poetikoa etengabe gertatzen da, hain zuzen ere, poesia ez da gertaera isolatua baizik eta korronte jarraia, etenik ez duena. Bizitzaren Zentzu Poetikoa aldarrikatu nahi dut, zein gertakari arrotz eta bitxi guzi horien atzetik indarrez egiten duen dizdira, izarrez beteriko larrea bailitz.

Ba diot bertsuak ez direla Poesiaren gordeleku bakarra.Poesiak ez duela zaharkitutako liburuetan preso jarraitu behar. Poesia gordina ezinbestekoa dela gaur egun. Akzio Poesia izan behar duela. Egungo eromen zein espantuaren testigantza borrokalaria.

Ba diot Poesia

Atsekabetik aldendu eta Edertasunera hurbildu behar dela.

Itxurakeria utzi eta Esentzian barneratu behar dela.

Tristura gainditu eta Bizi Poza bilakatu behar dela

Etzanda egoteari utzi eta zutik jarri behar dela.

Bideari ekiteko prest.

POESIA bizitzeko modu gisa aldarrikatu nahi dut.

Bizitza sutsuki maitatzeko konpremezu gisa. Inguratzen gaituen mina, atsekabea eta bidegabekerien gainetik.