Berriak
Atzealdea

'Uda Hernanin' programazioa aurkeztu da

Uztailaren 17tik abuztuaren 28ra bitartean, asteburuero kultur jarduera bat izango da Atsegindegin. Sarrera librea da, baina gonbidapena ezinbestekoa izango da

2021·07·08


Uda Hernanin programazioa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan, kultur jarduerak biltzen dituena. Uda Hernanin iaz egin zen lehen aldiz, Covid-19aren ondorioz Ave Maria parkean egin ohi zen Uda Parkean programazioa egiteko ezintasunagatik. Koro Etxeberria zinegotziak azaldu duenez, aurten ere programazioa Atsegindegin egitea erabaki da, "zuhurtziaz jokatu nahi dugu eta kulturaren apustua egin". Beraz, emanaldi guztiak aforo kontrolatuarekin egingo dira eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbidapena jasotzea.

Programazioa Musika Bandaren kontzertuarekin hasiko da uztailaren 17an, eta abuztuaren 28ra arte luzatuko da. Besteak beste, dantza, antzerkia, zirkua eta musika izango dira ikusgai, publiko guztiari zuzendutako ekitaldien bidez. Aipatzekoak dira aurten estreinatuko diren lanak: Ipar Euskal Herriko Bilaka Kolektiboak Basaide pieza erakutsiko du uztailaren 24an, Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak gazteei zuzendutako Gazte dantza ikuskizuna abuztuaren 14an eta Ainara Ortega musikari hernaniarrak Onin disko berria abuztuaren 21ean, besteak beste.

Gonbidapenak

Gonbidapenak uztailaren 12tik aurrera jaso ahal izango dira Biteri kultur etxeko leihatilan eta online kultura.hernani.eus webgunean. Emanaldia baino bi aste lehenago jarriko dira sarrerak.

Emanaldietan babes- eta segurtasun-neurriak gordeko dira, eta aire libreko espazioa izanda ere, derrigorrezkoa izango da maskara jarrita izatea.

 

Uda Hernanin programazioa